Bizi euskara hurbiletik Bizi euskara hurbiletik
Ostirala, 14 Ekaina 2024 13:41

Emozioen garrantzia euskal kulturaren transmisioan: 23. Korrikaren kasua

Horixe da Mondragon Unibertsitako ikasle Amaia Ruiz Castellanosen Gradu Bukaerako Lanaren izenburua. Atzo aurkezpena egin zuen Kalderapeko Kulturgunean, Ane Elordi, KORRIKA arduradunarekin batera. Elordi tutore lanetan ere aritu da. 

Lan horretan emozioek hizkuntza minorizatuen aldeko mugimenduetan duten eragina ikertu da, horretarako Korrikaren 23. edizioaren kasu-azterketan zentratuta. Lasterketa herrikoian emozioek duten presentzia aztertu da, bide desberdinak jarraituz: 952 lagunek erantzundako inkesta, antolatzaile eta parte-hartzaileei eginiko elkarrizketak, lasterketak iraun zuen bitartean furgoneta barrutik eginiko behaketa eta horren inguruan sortutako lan dibulgatiboen lanketa. Horrez gain, Korrikaren bilakaera ere aztertu da hein txikiago batean. Landa-lan horren emaitzek erakusten dute emozioen presentzia ekimenaren aurretik, bitartean eta ostean ageri dela eta hori sinbolo desberdinen bitartez erakusten da lasterketan zehar.

Ondoriozta daiteke, Korrikak indar emozional handia duela eta horregatik eta bere baitan dituen sinbolo, elementu eta mekanismo tradizionalengatik dela hain arrakastatsua gaur egun.

HARRO HERRI! 

 

Azken aldaketa: Ostirala, 14 Ekaina 2024 13:59